Bilbo, Euskalduna Jauregia, 2023ko otsailaren 16a eta 17a.
Aurrekaririk gabeko desafioak ditu gure gizarteak. Izan ere, teknologia berriak, klima-aldaketa eta demografiaren bilakaera erabat ari dira baldintzatzen gure gizarte-ereduen antolakuntza, alor guztietan gainera.
Enplegua dugu horren adibide garbia: ezinbesteko elementua dugu gizarte-kohesioa eta -inklusioa bermatzeko, baina zalantzan jartzen hasia da haren eredu tradizionala. Izugarrizko aukerak dakartza aldaketa horrek, baina baita erronka handiak ere, bai Euskadira bai gure inguruko gizarteetara.
Desafio horien irismena ikusi eta haiei ekiteko konponbideak aztertzearren, ikerketa-proiektu zabala ari da egiten ISEAK Fundazioa —ekonomiaren alorreko ikerketa- eta transferentzia-zentroa, lan-merkatuak aztertzen ibilbide luzea egin duena— Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailarekin elkarlanean. Euskadiko enpleguaren Liburu Zuria izango du azken emaitza proiektuak.
Hona proiektuaren xedea: Euskadiko enpleguaren iragana, oraina eta geroa ulertzen laguntzea, batez ere aurrean dituen erronka nagusiak, hau da, trantsizio demografikoa, teknologikoa eta klimatikoa.
Ikerketa-lan horren osagarri, eztabaidarako eta ideiak trukatzeko gune bat sortu nahi dute ISEAK Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak, jakinik eragile guztien elkarlanaren mende dagoela Euskadiko enpleguaren geroa. Enpleguaren euskal ekosistemako eragile guztiek esku hartuko dute gune horretan, eta enpleguaren zein desberdinkeriaren alorretako zenbait unibertsitate-irakasle ezagunek.
Testuinguru horretan sortu da WorkInLan SUMMIT, Euskadiko enpleguaren Liburu Zuria idazteko ikerketaren inguruan eratutako partaidetza-foroa, non irakaskuntza-, politika- eta gizarte-alorretako ordezkariak bilduko baitira, hau aztertzera: bilakaera demografikoak, garapen teknologikoak eta klima-aldaketak enpleguari dakarzkioten aukerak eta desafioak. Horrez gain, etorkizuneko Euskadirako nahi dugun gizartea eraikitzeko proposamenak ere jorratuko dira foro horretan.
.
El empleo en la Euskadi que seremos
Idoia Mendia
Lehendakariordea
Lan eta Enpleguko sailburua
Gobierno Vasco
Sara de la Rica
Zuzendaria
ISEAK