David Card

Biografia

Lan-arloan espezializatutako ekonomista kanadarra eta ekonomia irakaslea Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley). 2021eko Ekonomiako Nobel Saria. Joshua Angrist
eta Guido Imbens ekonomialariekin batera, lan-merkatuko oinarrizko gaietan egindako ekarpenengatik: sindikatuen negoziazioa, desparekotasuna, gutxieneko soldata, langabezia-prestazioak eta ongizate-programak.

David Card Bilbon izateak laneko desberdintasunaren inguruan eta desberdintasunak gutxitzeko neurrien inguruan ─gutxieneko soldata, esaterako─ egun dauden diagnosirik egokienak entzuteko aukera emango digu. Bestalde, Cardek immigrazioari buruz egin dituen azterketek immigrazioak herrialde hartzaileetan duen eragina ulertzen lagunduko digute, hori funtsezkoa baita immigrazio-politika eraginkor bati ekiteko. Haren presentziak aukera emango digu, halaber, lan-merkatuko munduko aditu batek ISEAK Fundazioaren Liburu Zuriari buruz egin dituen gogoetak entzuteko, eta berarena bezalako iritzi baliotsu baten bidez Liburuaren baliozkotasuna egiaztatzeko.

Esparru-txostena

Ikerketa ekonomikoa eta politikak: immigrazioa eta gutxieneko soldata

Lehen txosten honek politiken inplementazioa eta ikerketa ekonomikoa uztartzearen garrantzia azpimarratzen du. Harreman hori aztertzeko, David Cardek bere ibilbide akademikoan sakon aztertu dituen bi adibide baliatuko ditu: immigrazioak herrialde hartzaileetan duen eragin ekonomikoa, batetik, eta gutxieneko soldataren igoera, bestetik. Immigrazioa, zalantzarik gabe, trantsizio demografikoari arrakastaz ekiteko irtenbidearen zati bat da; gutxieneko soldata, berriz, gizarte garatu gehienetan diru-sarreretan dauden desberdintasun gero eta handiagoak arintzeko neurri bat da.

  • Otsailaren 16an

  • 11:30 – 12:15

  • OE Aretoa