Etorkizuneko gure gizarterako erronkak eta proposamenak
Zenbait erronka, krisi eta konponbideren kate bat da gizateriaren historia, eta haien arabera antolatu dira gizartearen zikloak. Aldaketa-garaia dugu XXI. mendea, historiako une esanguratsu horietako bat. Horregatik, norabide argiak markatu behar dira ziurgabetasunari aurre egiteko. Izan ere, aurreko etapa batzuetan ez bezala, gaur egungo aldaketak guztiz disruptiboak dira, eta lehen baino azkarrago etortzen dira bata bestearen atzetik.
Zergatik diren disruptiboak egungo aldaketak? Garrantzi handiko hiru trantsizio ari direlako gauzatzen gaur egun, hirurak aldi berean. Trantsizio demografikoa dugu lehenbizikoa. Urte gehiago bizi gara orain, eta hobeto, garapen ekonomiko eta sozialaren arrakasta itzelari esker. Baina jaiotza-tasaren jaitsiera nabarmena ere ari gara jasaten. Bi fenomeno horien bategiteak koloka jartzen ditu gure ongizate-sistemaren bideragarritasuna eta belaunaldien arteko berdintasuna. Trantsizio teknologikoa dugu bigarrena, zeina hiru faktore hauek eragiten baitute: konputazio-teknologien garapenaren azelerazioa, Interneten erabilera eta adimen artifiziala. Berebiziko aukera dakarkigute aldaketa horiek gure oparotasun- eta ongizate-maila areagotzeko, baina geroz eta desberdinkeria handiagoak sortzen dituzten desorekak ere eragin ditzakete. Trantsizio klimatikoari, azkenik, gure eredu ekonomikoari aldaketa esanguratsuak eragiten dizkioten nazioarteko hitzarmenen bidez ekin behar zaio.
Gure gizarteko alderdi ugariri eragiten diete hiru transakzio horiek; enpleguarenean, zehazki, lan-paradigma aldatzea iragartzen dute, berehalakoa eta epe luzekoa baita lan-munduan duen inpaktua. Biztanleriaren zahartzeak aldaketa disruptiboak eragiten ditu langileriaren osaeran; aldaketa teknologikoak, berriz, nabarmen aldarazten du enpresek behar duten langileen profila, eta klima-aldaketak produkzio-prozesu garbiagoen bidez bestelako ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko premia eragiten du. Gizarte-inklusiorako eta giza garapenerako funtsezko elementua dugu enplegua eta, honenbestez, ongizate sozialaren termometro egokia; hori dela eta, gogoeta egin behar da enpleguaren geroaz, politika publikoek lanpostu gehiago eta hobeak nola sortu azter dezaten.
Testuinguru horretan, Euskadiko enpleguaren Liburu Zuria prestatu du ekonomiaren alorreko ikerketa-eta transferentzia-zentroa den ISEAK Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailarekin elkarlanean. Ebidentzia zientifikoa oinarri duen azterketa kontrastatuaren bidez eginiko gogoeta dugu lan hori, aipatutako prozesu iraultzaileari nola ekin jakiteko sortua. Ezagutza euskarri dugula ekin behar diegu sortzen diren beharrei, eta batez ere datozen aukerak aprobetxatu, lan-mundura biltzeko zailtasun handienak dituzten jendeen inklusioa gogoan dugula: emakumeak, gazteak, immigranteak, 45 urtetik gorakoak eta aniztasun funtzionalak dituzten herritarrak.
Bi elementu nagusi ageri zaizkigu Euskadiko Enpleguaren Liburu Zurian:
Lehenik eta behin, enpleguaren alorrean aurki daitezkeen desorekei aurre egiteko jarduera-eremuak, trantsizio demografikoak, teknologikoak eta klimatikoak gizarte aurreratuenei nola eragiten dieten ikusirik (euskal gizarteari, bereziki).
Bigarrenik, oparotasun inklusiboko euskal agenda bat bultzatzen jarraitzeko proposamen ugari, bi helburu hauek lortzeko: lanaren produktibitatea areagotzea eta desberdinkeriak —geroz eta handiagoak— zuzentzea. Erronka horiek ikusirik, jarduera jakin batzuk sustatu behar dituzte enplegu-arloko politika publikoek, batez ere helburu hauek lortzeko: (i) herritarrek are eskuragarriago izatea kalitateko zerbitzu publikoak eta lanerako prestatzen dituenak, (ii) «enplegu on» gehiagoren sorrera bultzatzea eta (iii) babes-tresnak eskaintzea herritarrei zailtasun handieneko taldeei gizartean eta lan-munduan esku hartzeko aukera bermatzearren.
Printzipio hauek dituzte oinarri proposatzen horiek guztiek: (i) aukera-berdintasuna hobetzea, (ii) trantsizioek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea enplegu gehiago (eta hobeak) sortzeko, (iii) «enplegu oneko» ekonomia baten eraikuntza bultzatzea eta (iv) gizarte-inklusioa sustatzea, aberastasuna birbanatzeko mekanismoak erabiliz merkatuen funtzionamendu desegokiak sortutako bazterketa-egoerei aurre egiteko.
Aurkeztutako proposamenetatik, hauek dira berritzaileenak, seguru aski: politika industriala diseinatzean enpleguaren ikuspegia txertatzen dutenak ekoizpen-prozesuan. Orain arte, berrikuntzari edo teknologia berrien erabilerari emandako pizgarrien xede nagusia ez da izan enplegu onak sortzea. Enpleguaren ikuspegia txertatzeak beste norabide bat eman diezaioke politika industrialari, eta produktibitatea hobetzen duten teknologiak saritu «teknologia distiratsuak» deritzenak, eta alde batera utzi enpleguaren ordez kapitala hobesten eta produktibitatea apenas areagotzen duten teknologiak («teknologia erdipurdikoak» deritzenak).
Hazkunde inklusibo eta jasangarriko eta oparotasun partekatuko Euskadiren etorkizunaren oinarria ditugu proposamen horiek. Baina eztabaida zabala behar dugu xehetasunak prestatzeko eta haiek martxan jartzeko, eta euskal gizartearen ordezkari guztien esku-hartzea. Prozesu horri laguntzea da, hain zuzen ere, ISEAKen eta Lan eta Enplegua Sailaren Liburu Zuri honen helburua.